XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haizetzar hark burrundada izugarri eta sorgorra ateratzen zuen.

Txoriak izuturik zihoazen aidean eta zaldiei, berriz, ura leporaino zutelarik, azkarrago joatea ezinezkoa zitzaien.

Izuturik zetorren animalia multzo batek atzera utzi zituen. Uholdea zen.

Bere aurrean harrapatzen zuen guztia atereaz zetorren olatu erraldoi batek inguratu zituen, zaldiak eta zaldunak urak arrastatzen zituelarik.

Mac Nabbs-ek oihu egin zuen orduan: - Zuhaitz bat! Intxaurrondo handi bat azaldu zitzaien salbatzaile bezala.

Olatu zurrunbilo apartsu batek inguratu zituen.

Eta Tauca ez beste zaldi guztiak galdu ziren.

Ahaleginak eginez, nola-hala iritsi ziren zuhaitzera.

Ura adarretaraino iristen zen.

Thalcave-k Roberto besteengana eramatea lortu zuen, baina gehiago ezin zuenean, bere burua urak eraman zezan utzi zuen.

Egoera larria zen benetan.

Mac Nabbs-ek inork uste ez zuena azaldu zien: bi egunetarako beste janik ez zuten.

Surik ere ez, baina batzuren sinisgorkeriaren aurrean, zuhaitz adaska eta hostoak katalaiuaren lenteaz sutu zituen Paganel-ek.

Zuhaitz hartan zeuden zenbait hegaztiren kabietako arraultzeak ere ongi etorri zitzaizkien.

Arma aldetik bi zizpoleta zituzten eta Thalcave-k, urak eraman aurretik, Mac Nabss-i eman zion zaku bat polbora.

Afal ondoren, beren solasaldia Grant kapitainari buruzkoa izan zen.

Beren frakasoagatik etsita zeuden, baina hala ere Duncan-a iristean, 37. paraleloko inguru guztiak miatzea erabaki zuten.

Beraz, paraleloa nondik pasatzen zen jakin behar zen (...).